mayo 27, 2018

BCBL eta JuniorLab-ek beste ikasturte arrakastatsu bat burutu dute

Donostiako zentroak hilaren 30ean Gasteizko Carmelitas Sagrado Corazón eskolan aurkeztuko ditu ikasturtean zehar JuniorLabean gauzatutako ikerlanen emaitzak

Ikastetxean kokaturiko laborategi honetan 2011n hasi ziren hizkuntzarekin lotutako prozesu neurokognitiboen inguruko ikerlanekin

Ekitaldian bi hitzaldi aurkeztuko dituzte BCBLko ikerlari diren Marie Lallier eta María Borragánen eskutik

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL)-k maiatzaren 30ean Gasteizko Carmelitas Sagrado Corazón eskolan aurkeztuko ditu 2017/2018 ikasturtean zehar JuniorLabean aurrera eramandako ikerketa neurozientifikoen emaitzak.

2011tik dauka Donostiako BCBL-k ikastetxe gasteiztar honetan laborategia, non bertako ikasleek hizkuntzarekin erlazionaturiko ikerlan neurozientifikoetan parte hartzen duten.

Urtero legez, BCBL-k batzarra antolatu du, irakasle zein heziketa-neurozientzian interesa dutenei zuzendua, laborategian gauzaturiko ikerlanen aurrerapen nahiz emaitzak azaltzeko xedez. Era berean, ekitaldiak ikasleen familiei ikerlanetan parte-hartzearekin emandako laguntza eskertzeko helburua ere badu.

Ikastetxeko areto nagusian ospatuko den ekitaldi honetan azken urtean zehar aurrera eramandako azterlan nagusien gainerko bi hitzaldi aukeztuko dira. Lehendabizikoan, «Entzute dikotikoa: elebidunen garun irakurleko leihoa», BCBLko Mari Lallierrek elebitasun motak irakurmenaren eskurapena nola modulatzen duen azalduko du.

Ekitaldiak ikasleen familiei ikerlanetan parte-hartzearekin emandako laguntza eskertzeko helburua ere badu

Marie Lallierek aditzera emango duen bezala, entzute dikotiko deritzonari esker gure bi hemisferioak nola komunikatzen diren neur dezakegu, eta irakurmen-idazmen ikaskuntzarako oinarrizkoa dena. Ikerlan honekin BCBL-k erakutsi du elebitasunak eskuineko hemisferiotik ezkerrekora dihoan komunikazioaren eraginkortasuna modulatzen duela hizkuntza bat entzuten ari garenean, aldi berean, irakurmena eskuratzeko garaian ondorioak izanik.

Bigarren mintzaldiaren izenburua «Zergatik dute elebidunek elebakarrek baino erraztasun gehiago hitzak ikasteko?» da, María Borragánen eskutik joango dena. Donostiako zentro honetako adituak ume elebidun eta elebakarrek dakizkiten hizkuntzen idatzizko arauak jarraitzen dituzten hitz berriak nola ikasten dituzten aztertu du.

Ikerketa honi esker, BCBLk jakin ahal izan zuen elebidunek ezagutzen dituzten hizkuntzen arteko antzekotasunek eragina dutela ikaskuntza horretan. Proban hiru taldek hartu zuten parte: gaztelaniadun elebakarrak, gaztelania-katalanadun elebidunak eta gaztelania eta euskaraz dakitenak. Emaitzekin ondorioztatu ahal izan dugu euskara-gaztelaniadun elebidunek, beste bi taldeekin alderaturik, era ezberdinean ikasi zituztela hitzak.

Laborategi aitzindaria

BCBL eta Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxearen arteko harremana 2011n sendotu zen, JuniorLabaren sorrerarekin hain zuzen, hizkuntzarekin loturiko neurokognizio prozesuen azterlan zientifikorako sorturiko laborategia.

Hezkuntzan oinarritutako neurozientzaren aurrerapena sustatzea du helburu eta Europa mailan esperientzia aitzindaria dugu hau. JuniorLab umeetan mekanismo kognitiboak ikertzen dituen erreferentzia zentro bilakatu da, eta horretarako neurozientzia ikerlanak aurrera eramateko aproposak diren gelak ditu, azken belaunaldiko teknikaz baliaturik.

BCBL eta Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxearen arteko harremana 2011n sendotu zen, JuniorLabaren sorrerarekin hain zuzen

Ikerlariek, beste teknika batzuen artean, joakbide-teknika darabilte ukimen-pantailaren bitartez, entzutezko estimulu zein bisualen aurrean erantzuteko denbora neurtzeko; edo Eyetracking ospetsua, ikasleek irakurri zein pantailan irudiak ikusten dituzten bitartean haien begiradaren ibilbidea grabatzen duena. Erregistro elektrofisiologikoa ere aipatzekoa da, buru-azalean garuneko aktibitate elektrikoa jaso eta entzutezko estimulu zein bisualei  emandako erantzunekin lotutako potentzialak neurtzen dituena.

Laborategi honetan egiten diren ikerlanak dislexia, irakurmen-idazmenerako ikas-metodoak eta elebitasuna bezalako gaiekin loturik daude, eta aldi berean, irakurtzen ikasteko metodororik egokiena zein den edo prozesu honetan norberaren ezberdintasunek zein nolako eragina duten bezalako galdera gakoen erantzunen bila dabiltza.

BCBLren inguruan

Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostian kokaturik dagoen diziplina arteko nazioarteko ikerketa-zentroa da eta kognizioa, burmuina eta hizkuntza aztertzen ditu. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen zentroa da, zientzia eta ikerkuntza sustatzeko helburuz. Gainera, BERC zentroen (Basque Excellence Research Center) artean gurea dago eta ZTBEK-ren barnean ere badago. Gure zentroak honako hauek ditu bazkide: Ikerbasque, Innobasque, Gizpuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea/Universidad del País Vasco (EHU/UPV).

Carmelitas Sagrado Corazón-i buruz

Carmelitas Sagrado Corazón Gasteizen kokatutako ikastetxea da eta 1250 ikasle ditu. Bertan, maila guztietan ikasteko aukera dago: alde batetik, Haur hezkuntza, Lehen hezkuntza, DBH eta Batxillergoa (Zientzia, Teknologia, Humanitate eta Gizarte Zientziak) eta bestetik, Haur hezkuntzako goi-teknikari izateko Heziketa-zikloa eskaintzen dira. Ikastetxeak izaera berritzaile eta engaiatua du eta hezkuntza hobetzen diharduten entitateei laguntzeagatik nabarmentzen da.